2014(e)ko azaroaren 11(a), asteartea

IKTak, hezkuntza aireberritzeko aitzakia

Hemen uzten dizuet "IKTak, hezkuntza aireberritzeko aitzakia" artikulua irakurri ondoren egindako jarduera: irakurketari buruzko bi galdera planteatu, bost hitz gako aukeratu, testuaren sintesia idatzi eta irakurritakoaren inguruan hausnartu.

IKTak, hezkuntza aireberritzeko aitzakia

IƱaki Larrea eta Jose Ramon Vitoria
(Mondragon Unibertsitateko HUHEZI Fakultateko irakasleak)


Galderak:
  • Zergatik da garrantzitsua IKTak klasean txertatzea?
  • Nola erabiltzen dira IKTak hezkuntzan gaur egun? Nola izan beharko litzateke?

5 hitz gako:
  • Teknologia
  • Hezkuntza
  • Berritu
  • Gizartea
  • Egokitu

Sintesia:
Gaur egungo gizartea definitzea zaila den arren, hainbat ezaugarri atxiki ahal dizkiogu: globalizatua, materialista, digitala… Eskola umeak gizarteratzeko tresna denez, ezaugarri guzti hauek kontuan izan behar ditu eta horietara egokitu behar da. Hau da, eskola gizartearen barruan dagoenez, horren errealitatea islatu behar du. Baina azken urteetan eskola ez da gizartearekin batera garatu. Izan ere, indarrean dagoen hezkuntza eredua gizarte industrializatuarena da. Hortaz, buelta bat eman behar diogu hezkuntza sistemari eta IKTek prozesu hori erraztu dezakete.

Hasteko, IKTek klasean txertatzearen garrantzia ulertu behar dugu. Hainbat funtzio desberdin bete ditzakete hezkuntzan: gizartearen ezaugarriei hobeto egokitzea, hezkuntza eredua berriztatzea, alfabetatze digitala, eten digitala saihestea eta inklusio digitala bultzatzea. Eginkizun guzti hauek berebiziko garrantzia dute gaur egun, eta ezin ditugu alde batera utzi.

Egia da IKTak erabiltzen hasi direla eskoletan, baina gehienetan modu desegokian egiten da. Izan ere, teknologiak berez ez du balio erantsirik. Beraz, irakasleok ikaste esanguratsua lortzeko lagungarriak izango zaizkigun baliabide digital eta teknologikoak aztertu, aukeratu eta modu egokian erabili behar ditugu, bakarrik horrela hautsiko baititugu hezkuntza eredu tradizionalaren mugak.

Hausnarketa:
Testu hau irakurri ondoren, nire IKTei buruzko iritzia aldatu da.

Lehen pentsatzen nuen ez zegoela IKTak klasean txertatzeko beharrik. Are gehiago, uste nuen ikasleek nahiko (edo, hobeto esanda, gehiegi) erabiltzen zituztela eskolatik kanpo eta, gainera, askotan ikaskuntza oztopatzen zutela.

Orain, aldiz, beste ikuspegi bat daukat. Eskolaren helburu nagusia ikasleak helduen bizitzarako prestatzea eta gizarteratzea delarik, ezinbestekoa du gizartearen errealitatea isladatzea. Ukaezina da gaur egun IKTek gure gizartean duten pisua; beraz, eskolaren parte ere izan behar dira. Gainera, ezin dugu suposatutzat eman ikasle guztiek dutela sarbidea IKTetara, egoera ekonomikoa, soziala, kulturala eta abar oso desberdinetan bizi baitira. Hortaz, IKTak ikasgelan presente egon behar dira. Dena den, gure helburua ikasleek ikasuntza esanguratsua lortzea baldin bada (eta hori izan beharko litzateke gure xede nagusietako bat) ezin ditugu IKTak edozein modutan erabili. Egoera bakoitzerako baliabide digital, momentu eta modu egokiena aukeratu behar ditugu. Horretarako, irakasleok ahalegin bat egin beharko dugu, teknologia berrien inguruan ikertuz eta etengabeko formakuntza jasoz.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina